jueves, 21 de junio de 2012

Denboran galduta


Denboran galdutako une goxoetan pentsatzen daramat egun osoa, haurrak gineneko une goxoetan, lur lau batean pasatutako mila abenturetan, gure arteko lizkar inozoetan, beraiengan, zuengan eta niregan pentsatzen...

Bizitza begietan ezarritako oihal batekin ikusten genuela oroitzen dut, bai. Oroitzapen xamurrak besterik ez, denboran galdutako tximeleta bakarti baten oroitzapen leunak.

Gaur, egun haiek, izpilu bat bezain auskor ikusten ditut, ez dakit zer gertatu den lokatzetan eskuak sartuta mundua aldatzea pentsatzen zuten haurrekin, ez dakit non dauden, ez. Nire ingurura begiratu eta ez ditut ezagutzen, ez naiz ezagutzen, gizarte materialista honek xurgatu dizkigu gure fantasiak, gure ametsezko mundua eta gure bizia.

Beldurra sentitzen dut nire buruari zer egingo diodan pentsatzen dudanean, badakit bazter batean denborak botata utziko nauela, eta beldur naiz. 


Denbora bezalako zigorrei diet nik beldur, pasatzen den segundu bakoitzari, gaur ikusten dudan itsasoa ez delako bihar berdina izango, horregatik naiz ni beldur.

Baina oraindik badut haur hori aurkitzeko esperantza bat, nire ingurukoei begiratu eta hitzez sorturiko espazioan murgiltzen naizenean ezagutzen dut nire burua. Gauzak lehenago gertatu direnaren sensazioak ematen dio bizia ume horri, aspaldian sentitu gabeko usainak, lehenago egondako lekuak...

Ez dut nire iragana ahaztu nahi, ez, hori egingo banu ni nor naizen ez bainuke jakingo eta horrek hotzikarak sortzen dizkit. Denbora luzea daramat honetan pentsatzen, eta naiz eta haur hori galdua dagoela pentsatzen dudan, badut gure oroitzapenekin bizirik mantendu dezakegunaren esperantza.

Denboran atzera begiratzea eskatzen dizuet, eta zuen buruei galdetzea zer egin duzuen haur horrekin. Non dago arkatz batekin unibertsoa margotzeko gai zen gizakume hori? non dago...

(Escrito a saber donde hace unos 3 años...)